XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ordena, hirigintza-konstantea

Gasteizen hiri-morfologiari erreparatuta, erraza da izan duen ibilbide historikoa lurretik nahiz airetik bereiztea.

Eraikin esanguratsuak eta bide-mota anitz, arrazoiak emandako ordenaren araberako bilakaeraren gidari eta lekuko dira.

Zurrunbilo bat bailitzan, hiriaren egiturak ederki asko bereizten den epizentrora bideratzen gaitu.

Bertan, muino txiki baten orografiari jarraiki sestra-kurbei egokitzen zaien kale estuz osatuta dagoen eta 1181. urtean Antso VI.a Jakituna errege nafarrak fundatu zuen Erdi Aroko antzinako hiribildua dago kokatuta.

Horixe da Gasteizen lehenengo irudia eta, beraz, zaharrena.

Hirua zenbaki majikoa da Gasteiz muinoaren gainean alde zaharraren egitura eta oreka lortzeko.

Hiru dira muinoaren tontorra osatzen duten kaleak.

Hiru dira mendiskaren bi aldeak inguratzen dituzten bideak; horiek harresitutako eremua zena itxi egiten dute alde zaharraren egituraketan egindako hiru eraikuntza-aldien (1181, 1208 eta 1256) besarkada sinbolikoaren bitartez.

Erdi Aroko hirigunea, muinoen gaineko tipologiaren barruan eredu dena, bere baitatik atera egin zen XVIII. mendearen bukaeran, hiriaren bigarren zabalkunde-garai handian.

Horrela bada, hirigintza-bultzada berri honen ondorioz eta Arrazoiaren Mendeko ilustrazioaren mugimenduak bultzatuta, Gasteiz Hegoaldera zabaltzea ahalbidetu zuten egitura pribatu eta publiko berriak sortu ziren Erdi Aroko eremu zaharraren inguruan, modernitateari hiriaren ateak irekiz.

Hiriaren bigarren tankera-aldaketa honek ordena eta oreka izan zituen bidelagun, beti ere hizkuntza klasiko baten bitartez: Neoklasizismoa.

Horren adibide dugu hiriaren lehen plaza publikoa, Espainia Plaza alegia, Udaletxea eta Arkupeetako Ibilbide ospetsua, iragana eta etorkizuna uztartzen dituen korridorea.

Zabalguneak Hegoaldera hedatzen jarraitu zuen XIX. mendean zehar.

Trenbidearen etorrerarekin batera, gaur egun hiriaren zerbitzu eta merkataritza-gunea osatzen duten kaleak finkatu ziren.

Europatik zetozen hirigintza-moldeekin bat eginez, Gasteiz dotoretu egin zen.

Natura XIX eta XX. mendearen hasierako hirian barneratu zen eta horren adierazgarri dira, besteak beste, Florida, lorategien arkitekturako bitxi erromantikoa; Senda ibilbidea, inguruan lorategi pribatudun etxe aristokratikoek eta zuhaitzek inguratutako ibilbidea; eta Ciudad-Jardin deritzona.

Horiek guztiak Gasteizko hirigintzan beti kontuan hartu izan diren zaintza eta txukuntasunaren lekuko dira.

Garai berrietan industriagune eta batez ere administrazio eta zerbitzugune bihurtzeak, historian zehar inoiz izan duen hazkunderik handiena ekarri dio hiriari. Inguruetako auzoek, industrialdeek, Gasteiz hiribidea bezalako esparruetara zabaldu diren merkataritza-guneek eta abarrek osatzen dute gaur egungo Gasteizen irudia.

Hala ere, ez dira ahaztu hiriko hirigintzaren gidari izan diren ordena eta duintasuna eta, ondorioz, berriaren berriz eraikitzen diren guneetan zerbitzuak, lorategiak eta aisialdirako eremuak jartzen dira.